Edukira joan

Zahato

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zahatoa

Zahatoa[1] zahagi txikia da, udare formakoa, ardoa eramateko, gordetzeko eta bertatik zuzenean edateko erabiltzen dena.[2] Edan ahal izateko, tapoi batez horniturik dago alderik estuenean; horretatik oso zurrusta mehea eginez ateratzen da likidoa.[3] Litro bat edo biko edukiera izan ohi du.

Zahatoan, artzainek, baserritarrek eta marinelek edariak garraiatzen eta fresko atxikitzen zituzten.[4] Oraindik baliatzen da, baina aire folkloriko batez askotan.

Fabrikazio prozesua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zahatoa ahuntz larruz egindako zakutxoa da. Zahatogileak, lehenik, ondutako larrua moztu egin behar du; larrua iletsua izaten da alde batetik, eta leuna bestetik. Pieza bakar batetik zahato bat baino gehiago ateratzen da, kasurik onenean sei izan baitaitezke (bi litroko pare bat, litro eta erdiko bi); dena den, larruak akatsak izaten ditu, eta horregatik ezin izaten da osorik erabili. Larrua mozteko zur mehezko edo kartoizko txantiloiak erabiltzen dira.[3]

Zahatotik edaten

Fabrikazio prozesuaren hurrengo fasean, txantiloia larruaren gainean jarri (ilea beherantz) eta jostunek erabiltzen dituzten bezalako guraizeekin moztu egiten da larrua, zentimetroko tartea lagata betiere. Ondoren ilea mozten da, ilearen norabideari jarraiki, zeukan luzeraren erdikoa utziz, pazientzia asko eskatzen duen eginkizuna inolaz ere. Zahatoa biguntzeko ur ez beroegian sartzen da, lauzpasei ordutan, zahatoa mahai gainean zabaldu eta zimur guztiak kendu ahal izatearren.[3]

Segidan, ilea kanpoalderantz dela, larrua josten da. Aldi berean begiteak jartzen zaizkio, horietatik zehar igaroko baita sorbaldan eramatea ahalbidetuko duen soka ohiz gorria. Josi ondoren buelta eman behar zaio zahatoari, ile aldea barnealderantz eta, kontrakoa, larru leuna, kanpoaldean gera daitezen.[3]

Ondoren bikeztatu egiten da, iragazgaitza izan dadin. Bikea gai bigun eta beltxexka da, zahatoaren barnealdean ematen dena. Zenbait bike mota daude, eta garai batean zahatogileek berek prestatzen zuten. Gaur egun, bike birjina erosten dute merkatuan, eta olioarekin nahastu ondoren (5 kg bike eta litro bat olio) berotu, eta nahasketa hori zahato barruan isurtzen dute, inbutu bat erabilita. Barnealdea ondo inpregnatu ondoren, soberakoa kanpora isurtzen da, zahatoa honda dezakeen pikorrik egitea saihestearren; segidan eskulangileak berriro bustitzen du zahatoa ur berotan, eta behin betiko forma ematen dio.[3]

Azken eginbeharrekoa zahatoari ahoa jartzea da; bi zentimetro inguru izaten ditu lodi, eta gehienez hiru zentimetroko diametroa, eta hariz lotzen zaio zahatoari; ixteko tapoia, berriz, kordoi gorri batez lotzen zaio larruari. Lehenbiziko ahokoak zurezkoak izaten ziren, eta XX. mendearen erdialdean hezurrezkoek ordezkatu zituzten. Gero goma gogorrezkoak etorri ziren, eta azkenean bakelitazkoak; azken hauen abantaila nagusiak aldatzeko aukera eta higienea dira. Azkenean eskuilatze leun bat eman, apainduraren bat gehitu ukitzeko unean atsegina izan dadin, eta lixatu egiten da.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «zahato - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2023-03-19).
  2. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 458 eta hurr. or. ISBN 978 84 9172 259 5..
  3. 1 2 3 4 5 6 Zahatogintza. Aintzinako lanbideak, CC BY-SA 4.0, gipuzkoa.eus (kontsulta data: 2025-11-7).
  4. Las Tres ZZZ zahatoa. Kazeta.eus, 2021eko uztailak 30, kazeta.eus 2021-07-15 (kontsulta data: 2023-03-19).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]