Edukira joan

Jon Maya Sein

Wikipedia, Entziklopedia askea
(«Jon Maya» orritik birbideratua)
Jon Maya Sein

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJon Maya Sein
JaiotzaErrenteria, 1977ko azaroaren 5a (49 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakdantzaria
KidetzaEspainiako Arte Eszenikoen Akademia
Jakiunde

Facebook: kukai.konpainia X.com: Jonmayasein Tabakalera: 125032 Edit the value on Wikidata

Jon Maya Sein[oh 1] (Errenteria, Gipuzkoa, 1977ko azaroaren 5a) dantzaria da. Kukai dantza taldeko zuzendaria izan zen, harik eta 2024an, berak zenbait emakumeri egindako sexu erasoak zuzentzearren, kargua utzi zuen arte.

Sei urte zituela ekin zion dantzari, Errenteriako Ereintza Dantza Taldean. Dantza tradizionalean jaso du bere heziketa nagusia, eta hortik abiatuta landu ditu bere proiektuak. Bakarlari gisa, 1997tik 2005era bitartean zazpi aldiz izan zen Euskal Herriko aurreskulari txapelduna.[1]

1999tik 2001era, Laxok taldeko partaide izan zen, eta proiektu horren ondotik, 2002. urtean, Kukai konpainia sortu zuen. Konpainia horretan dantzari, koreografo eta zuzendari lanak egiten ditu orduz geroztik, dantza tradizional eta garaikidearen arteko bideetan sakonduz eta artista ugarirekin elkarlanean. Hartara, lankide izan dituzte Mireia Gabilondo, Cesc Gelabert, La Intrusa Danza, Pantxika Telleria, Iker Gómez, Jone San Martín, Israel Galván, Logela Multimedia, Oreka Tx, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Juan Mari Beltran, Carlos Núñez eta abar.[1]

1997. urteaz geroztik Errenteria Musikal Musika eta Dantza Eskolako irakaslea da, eta Ereintza Dantza Taldean ere eskolak ematen ditu. Horrez gain, hainbat koreografia lantegi eskaini ditu Euskal Herrian zein atzerriko jaialdi eta hirietan.[1]

2024an, hainbat emakumek Errenteriako mugimendu feministari jakinarazi zioten Jon Mayak sexu erasoak egin zizkiela. Erasoak jasan zituzten emakumeek hala eskatuta, Mayaren jokabidea zuzentzeko prozesu bat abiatu zen, jendaurrean jakinarazi gabe eta hala Errenteriako Udalaren nola erasotzailearen adostasunarekin.[2] Mayak egozten zitzaiona onartu zuen, eta Kukai taldearen zuzendari kargua utzi; Udalak Kukairi dirulaguntza ematen jarraitu zuen.[3]

2025. urtearen amaieran, ordea, Kukaik Udalari jakinarazi zion Maya zuzendari lanera itzuliko zela otsailean. Mayak bere sexu erasoen gaia bideratzeko adostutakoa urratuko zuela jakinda, Kukairekiko harremanak eten zituen Udalak.[3]

2026ko maiatzean, sexu eraso horiek argitara atera zituzten, lehendabizi Kukai elkarteko Gida Batzordeko kide Xabier Oleaga-Arondok eta gero Errenteriako PSE-EEk, biktimen konfidentzialtasunerako nahia hautsita. Gaiak oihartzun zabala izan zuen hedabideetan.[2][4][5][6]

Kukai dantza taldearekin sari hauek irabazi ditu:

  • 2009: ‘Hnuy illa…’ ikuskizunarekin 2009 urtean Espainiako Arte Eszenikoen Max Sarietan Errebelazio saria irabazi zuten.[7]
  • 2017: Espainiako Dantza Sari Nazionala [8]
  • 2017: Max Sarietan Dantza Ikuskizun hobearena 'Oskara' espektakuluarengatik.
  • 2019: Max sarietan Dantza Ikuskizun hobearena 'Erritu' espektakuluarengatik[9]
  1. ↑ Euskal herritar horren aukera pertsonala da euskal abizen hori Maya formarekin idaztea. Izan ere, Euskaltzaindiak euskara batuan Maia idatzi behar dela arautu du. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]